BEGEL

2016/09/28

AGUR eta OHORE Manolo!

Joan zaigu ba, IMANOL URBIETA, Manolo herrikoentzat. Eguerdian jakin bezain laster bere kantak ekarri ditugu gogora eta ahopean hasi gara kantatzen. Eskolako sarrera-irteerako txirrina bere doinuz jantzi dugu...
Urtetako lana aitortze aldera, merezitako hamaika omenaldi egin dizkiote han eta hemen, azken urteotan. Duela pare bat urte, Zarauzko Udaleko Kultura Sailak omenaldi disko berezia prestatu zion:  Bakarrik eta libre deiturikoa.Gaur egungo pop-rock taldeek eginiko bertsioz osatutako tributu diskoa.
Bakarrik eta libre badoa. Bakarrik eta libre gaztea. Poltsikoan eskuak, oinak arrastaka. Luzea da bidea.... Luzea izan da Imanol Urbietak musikagintzan eta pedagogian egindako ekarpena. Aitzindaria, oparoa eta eskerga.  Abilidadea zuen izan ere, haurrenganako musika sortu eta ume guztiak kantuan eta dantzan jartzeko. Bukaera aldera, berriz, Udaberri, zaharren abesbatza zuzentzen aritu zen eta zer gutxiago, herriko Udal Musika Eskola berriak bere izena darama.
Euskal Herriko edozein txokotara joanda ere, nork ez du Imanol Urbieta ezagutzen?
Mila esker Manolo!

iruzkinik ez :

Argitaratu iruzkina