BEGEL

2018/02/06

Egidan/k hika.- HITANOA -

Gure gurasoen belaunaldikoek, hau da, duela ehun bat urte jaiotakoek, hika egiten zuten gehientsuek Euskal Herri zabalean. Gizon zein emakume, ez zegoen alde handirik horretan. Antzinatik datorkigun berbeta moduari eusten zitzaion etenik gabe.
Hitanoaren gaurko egoera ezagutzen dugu: adin handikoek hortxe-hortxe eusten diote zonalde euskaldunetan, belaunaldi gazteagoek oso galdua dute, eta ondo samar eusten zaion lekuetan ere aditz-forma traketsak nagusitu dira (hiper-hiketa) gazteenen artean; eta gizonezkoek gizonezkoena ikasi dute bakarrik, emakumeei ere berdin hitz egiten zaie. Emakumeek, berriz, gutxik dakite hika.
Hikaren galeraren arrazoi nagusia euskara beraren galera izan da zalantza barik. ...Baina ez da hori izan arrazoi bakarra. Hona hemen ahotsak.com-eko artxibotik jasotako esaldi batzuk: «Hika aritzen ginen elkarrekin eta 'hika ijitoak aritzen zirela!». «Hika itsusi dela esaten ziguten». «Gu hika eta ama atzetik demandan errespeturik ez geneukalako, hika egiten genuelako»....
Esanguratsua da zein bilakaera izan duen hiketaren transmisioak familian. Etxe askotan gurasoek hika egin izan diete semeei baina ez alabei. Hori da gaur egungo desorekaren arrazoi nagusia, lehenagoko belaunaldietan ez baitzen horrelakorik gertatzen. Egun «mikromatxismoa» esaten zaion horren beste seinale bat, ziurrenik...
Baina hiketa behintzat badugu, euskaldunok bakarrik dugun baliabide hori, gaixorik baina bizirik heldu zaiguna historiako une honetara. Ez da erraza hitzekin deskribatzea hika egitearen plazera. Hizkuntza estandarrean egun guztia jardunda gero tabernara lagun artera joan eta herri-hizkeran hika egitea. Edo beste edozein girotan... 
Esanak esan,  gero eta jende gehiago saiatzen da egiten. Baina gaitz bat (gaitzerdia?) ari da nagusitzen: hiper-hiketa. Esan dik/jok Urbian elurra zegokela/jagokela. Hau da, hiketa behar ez den lekuan, menpekoetan, erabiltzea. 
...hikaren jokaleku naturalena euskalkiak eta herri-hizkerak dira. Eta hika prestigiatzeko eta berreskuratzeko, euskalkiak bere osotasunean bultzatu beharko dira. Ezin hika ondo egin zuka ondo egin gabe. Eta ez dirudi euskalkiak indartzeak inolako kalterik egiten dionik batuari...  Egidan/k hika.
                                                              Iturria: Berria              
Honen harira, Zarauzko hitzan Inaxio Uria Isastik argitaratutako bertsoak, hitanoa hizpide

Doinua: Astoa ikusi nuen
-1-
Berriro hemen nator                           
lehengo bidetikan
gazteen hitanoa
aztertu nahirikan
tarte hortan galderak
gaitzat harturikan
batzuk naukatelako
ni kezkaturikan

-2-
Bihar joango gaituk?
Hau ohikoa da
Zuzenago ez al da
joango al gara?
Edo. Elkartzen gaituk?
Hor beste parada
Elkartuko al gara?                                                           Inaxio "Isasti" (2018-1-30)     
nire ustez.Hara!!!
-3-
Hau egiten diagu?
Ez nago seguru
baina nire ustez da
egingo al dugu?
Bihar jai zeukeagu?
Galdera helburu
Bihar jai al daukagu?
esan buruz buru

-4-
Hauxe al da zehazki
gertatzen dekena?
Zuzenago esan da
duk gertatzen dena
Ikusi duk mezua
heldu zaigukena?
Heldu zaiguna dela!!!
Benetan,ze pena!!!

iruzkinik ez :

Argitaratu iruzkina