BEGEL

2015/03/01

HAU EZ DA ZOO BAT!’ lanarekin irabazi du ALAINE AGIRREK LIZARDI SARIA

Alaine Agirre idazle bermeotarrak irabazi du XXXIII. Lizardi Saria, Hau ez da zoo bat! lanarekin. Hamazazpi liburu aurkeztu dituzte aurten lehiaketara, eta Agirrerena aukeratu dute epaileek, hau da, Jesus Mari Olaizola Txiliku-k, Miren Agur Meabek, Iñaki Frierak eta Ramon Olasagasti iazko Lizardi Sariaren irabazleak.
Urtero legez, Zarauzko Udalak 2.500 ale argitaratuko ditu, herriko eskoletako ikasleei banatzeko. Horrez gain, 3.700 euroko saria irabazi du Agirrek. Sari banaketa apirilean egingo dute, eta ekitaldiko egun berean plazaratuko dute argitalpena.
Hau ez da zoo bat! lanean, etxean animalia bat eduki nahi duen haurrak hitz egiten dio irakurleari, eta hura erdiesteko estrategiak kontatzen ditu protagonistak. Esteka honetan irakurgai dago liburu horren lehen atala.
Alaine Agirrek 24 urte ditu, eta dagoeneko lau liburu argitaratu ditu Elkar argitaletxearekin; hiru liburu haurrentzat eta bat helduentzatonako:
2013: Nire poxpolina maitea. Elkar.
2014: Odol mamituak. Elkar.
2014: Nora joan da aitona?. Elkar.
2014: Letra txarra daukat, eta zer?. Elkar.
Espero al zenuen sari hau jasotzerik?
Ez nengoen ez itxaroten, eta espero ere, ez nuen espero; egia esan, ahaztuta neukan. Iaz aurkeztu nintzen bigarren aldiz sariketa horretara. Orduan ere banekien oso zaila zela irabaztea, baina zain egon nintzen noiz irtengo zen prentsa oharra, ikusteko nork irabazi zuen. Aurten, ordea, ahaztuta izan dut. Zarauzko Udaleko deia jaso nuenean ez nintzen konturatu ere egin Lizardi Sariarengatik deitu zidatenik, harik eta esan zidaten arte. Ahaztuta nuen, baina ez garrantziarik ez diodalako eman, baizik eta niretzat ezinezkoa zelako sari hori irabaztea.
Hau ez da zoo bat! lanagatik irabazi duzu sariketa. Badirudi haur gehienek bizi dutena kontatu duzula.
Pentsatzen dut haur asko sentituko direla identifikatuta lan honekin, ume gehienek nahi izaten dutelako animalia bat eduki. Hain zuzen, liburuko protagonistak, Malenek, txakur bat eduki nahi du. Lehenbizi arrainak eramaten ditu etxera, gero dortoka bat, gero hamsterra, amonaren loroa ere berak zaintzen du… Eta, azkenean, txakur bat oparitzen diote gurasoek.
Zer erakutsi nahi izan duzu lan horrekin?
Alde batetik, nahi dut haurrak dibertitzea ipuinarekin, barre egitea… Izan ere, Maleni animaliekin gertatzen zaizkion abenturak kontatzen ditut. Baina, bestalde, beste ideia bat ere islatu nahi izan dut Hau ez da zoo bat! lanarekin: animaliek eskatzen duten ardura erakustea. Ez naiz irakaspen zalea, baina amaieran mezu hori eman dut, animaliak izaki bizidunak direla eta oso ondo zaindu behar direla islatu, alegia. Ez da hori izan nire helburua, baina hala atera zait; testuak hala eskatu dit. Helburua, ordea, betikoa da: literatura egitea, saiatzea behintzat. Haurrengan pentsatuta.

iruzkinik ez :

Argitaratu iruzkina