90 urterekin zendu da Dario Fo antzerkigile, aktore eta artista italiarra. Sorkuntza eta gizarte konpromisoa uztartzeko hautua egin du beti, eta 1997an Literaturako Nobel saria jaso zuen bere komedia satirikoengatik.
Ezarritako ordenaren xaxatzaile nekaezin, boteretsuen zirikatzaile, satiragile zorrotz, gizarteko kiderik umilenen alde lerratu zen sortzailea dugu.
«Boteretsuek ez dute barrea maite" zioen. Izan ere, maiz ezagutu zuen zentsura antzerkigileak, eta garesti ordaindu behar izan zuen behin baino gehiagotan mugimendu ezkertiarren alde hartutako konpromisoa. Iraindu egin zuten, kolpatu, eta bere emazte eta lankide zuen Franca Rame bahitu eta bortxatzera ere heldu zen eskuin muturreko talde bat 1973an.
Nobel saria eman ziotenean ere, bat etorri ziren balorazioan Foren aurkako ahotsik kritikoenak eta Fo bera: bufoi bat saritu zuten. Baina, hain justu ere, harrotasunez aldarrikatu zuen beti titulu hori antzerkigileak.
Azken unera arte jarraitu zuen sortzen, eta oraindik argitaratu gabeko liburu bat utzi zuen hil aurrean. Antzerkiaren historiaren ikerlari sutsua ere bazen, eta Erdi Aroko kontalarien lanen berrinterpretazioz osatutako Mistero Buffo ikuskizuna da haren lanik behinenetariko bat. Iruiñean eta Bilbon izan genuen duela ez asko.
Euskal Herria ere bazuen gogoan Fok. Nobel saria jaso eta denbora gutxira, esaterako, ETA talde armatuarekin negoziatzen hasteko eskaria egin zion Espainiako Gobernuari, beste hainbat pentsalari eta sortzailek sinatutako eskutitz batean.
Euskaraz osorik irakurri daitezke teatro-testuak.com orrialdean Anarkista baten ezusteko heriotza. Pistolaren begi zuri-beltzak eta Izuaren aurpegia: bi ekitaldiko komedia. Horrez gainera, Petite Theatre de Pain taldeak antzerkigilearen hiru obra biltzen zituen Juglarea, puta eta eroa antzezlana eskaini zuen euskaraz, euskarazko dialekto banarekin jolastuz, Fok Italierazko dialektoekin egin ohi zuenez.
Iturria: Berria
BEGEL
Harpidetu honetara:
Argitaratu iruzkinak
(
Atom
)
iruzkinik ez :
Argitaratu iruzkina