Urtaro hau 89 egunez eta 20 orduz luzatuko da, abenduaren 21ean neguan sartuko baikara. Ipar hemisferioan, egunean, bataz beste, 3 minutu eguzki-argi galduz, urteko gaurik luzeenera heldu arte. Egunak laburragoak dira, baina Euskal Herrian, eguraldi egonkorra izan dugu antzinatik sasoi honetan.
Urtero gertatzen den bezala, eguzki-orduak eta gauak denbora bera irauten dutenean, 12 ordu, hasten da udazkena, baina urtearen arabera egun hori aldatu daiteke.
Garai zaharretako euskaldunek solstizioak eta ekinozioak baliatu zituzten urtearen banaketa egiteko. Horrela egin zuten Europa zaharreko herri naturista eta animistek. Kultura zaharrak lurraren, eguzkiaren eta ilargiaren inguruan oinarritzen ziren, neurri handi batean. Horrela, neguburuan (neguko solstizioan) eguzki zaharra hiltzen zen eta Eguberri egunean, eguzki berria pizten zen.
Eguzkia, irail aldean, indarra galtzen ari da, indargabetzen ari da, hiltzen ari da… eta tximista eta ekaitza irudikatzen zituen herensuge edo suzko suge arra gurtzen zuten udazkeneko ekinozioaren inguruko egunetan. Euskal Herrian, Sugaaredo Sugoi deitzen zitzaion. Udaberrian Sugaar zeruetan barna ibiltzen zen bere garrak erakutsiz eta zabalduz. Udazkenean, berriz, mendietako zuloetan aterpetzen zen, Mari jainkosa handia bizi zen mendi eta zuloetan. Kontatzen zenez, batzuetan bildu egiten ziren biak, eta harremanak izaten zituzten. Horrelako sinesmena, pertsonaia eta izen ezberdinekin, Europa osoan zabalduta zegoen
Ipar hemisferioan, irailaren 21-22an izaten da udazkeneko ekinokzioa. Ekinokzio-egun horretan, Lurraren errotazio-ardatza albo batera orientatuta egoten da (beti bezala), baina Lurraren eta Eguzkiaren arteko irudizko marrak eta ardatzak sortzen duten planoak 90º-ko angelua marrazten du Lurrak, Eguzkiaren inguruan mugitzean, osatzen duen planoarekiko. Egun horretan, ekinokzioan, egunak eta gauak 12na orduko iraupena dute planeta osoan. Udazkeneko ekinokzioaren aurretik, eguna gaua baino luzeagoa izaten da Ipar hemisferioan, eta ekinokzioaren ondoren, eguna gaua baino laburragoa izatera igarotzen da.
Iturria: zuzeu.eus
iruzkinik ez :
Argitaratu iruzkina