BEGEL

2018/04/25

RAMON OLASAGASTIK IRABAZI DU LIZARDI SARIA BIGARREN ALDIZ

Ramon Olasagasti, (Berrobi, 1972) idazle, kazetari eta itzultzaileak irabazi du  aurtengo Lizardi Saria, "Sasiolako errotaria" lanagatik
2013an ere saritu zuten"Sugaar" lanagatik. 

Bi narratzailerekin jolastuz, bi plano tenporal lotzen ditu ipuinak: batetik, XX. mende erdian Sasiolako errotan desagertu zen Jatsu gaztearen istorio iluna, eta bestetik, gaur egungo gertaera bat, Ander gazteak biziko duena. Ipuinak aurrera egin ahala, bi planoak uztartzen joango dira: Jatsuri gertatutakoak eta Anderrek bizitzen duenak aukera ematen dio idazleari laguntasuna eta bullinga, beldurra eta ausardia, mendekua eta damua jorratzeko. Ipuinak aurrera egin ahala, bi planoak uztartzen joango dira.

 Misterioa, fantasia eta beldurra presente daude obraren zehar.



Yolanda Arrieta, Miren Agur Meabe, Alex Gurrutxaga eta iazko garaile Leire Bilbaok osatu dute epaimahaia, eta Arrietaren hitzetan: «Hiru osagai. Bi alderdi mugalari elkarlanean: errealitatea eta fantasia. Bi denbora: iragana eta orainaldia, elkar josita, puntada lasaian. Bi gazte, bakoitza bere sasoian, bakoitza bere testuinguruan. Parez pareko emozio kontrajarriak jokoan: laguntasuna eta bullyinga, beldurra eta ausardia, mendekua eta damua... Hitzen musika, konpas dotorean eramana. Gatza eta piperra. Eta intriga barra-barra. Emaitza, aurtengo Lizardi Saria».
Hizkera aberatsa ez ezik, eraginkorra eta txispaduna da, hizkuntzaren errekurtsoak naturaltasun eta graziaz aprobetxatzen dituena, narrazioa behartu gabe.
Olasagastik 4.000 euroko saria jasoko du, eta bere lana argitaratu egingo diote. Udalak liburuaren 2.500 ale banatuko ditu doan herriko ikastetxeetan. Sari banaketa ekitaldia apirilaren 23an izan da, Xabier Lizardiren jaiotzaren urteurrenarekin bat eginez. Garrantzi handiko saria da euskarazko ipuingintzan.
Sariaren helburuetako bat gazteen artean irakurzaletasuna piztea da eta lan honekin helburu hori beteko delakoan gaude. ZORIONAK RAMON!

Xabier Sagasta marrazkilari eta arkitektoak egin ditu liburuaren ilustrazioak, eta bereziki berari eskertu nahi dio saria: «Nik adinako ilusioz hartu zuen egitekoa. Lan ederra egin du, txuri-beltzean iragana irudikatuz, eta koloretan gaur egungoa. Hartu-eman berezia izan dugu, ilustrazioak osatzeko prozesuan. Horregatik diot liburu hau ez dela nirea bakarrik, biona da», azaldu zuen Olasagastik atzoko ekitaldian. Bere irakurle finenari, Manex semeari, eta familiari ere eskaini die saria Berrobin jaio eta Tolosan bizi den kazetari eta itzultzaileak.

iruzkinik ez :

Argitaratu iruzkina