Musika plazan egingo dute festaren hasierako ekitaldia, 11:00etan, ikastetxeetako ikasleekin. Ondoren, bi txandatan banatuta, asteburuetan praktikatzen dituzten kirol motekin gozatzeko parada izango dute, herri osoan atondu dituzte zortzi gunetan. Lehenengo txandakoak 11:15ean hasiko dira kirol jarduerekin, eta bigarren txandakoak, berriz, 12:15ean.
Gunez gune
Kirol mota jakin bat edo batzuk landuko dituzte gune bakoitzean, kirol elkarte ezberdinen gidaritzapean.
- 1. Musika plazan: Zarauzko Arraun Elkartekoak izango dira LH 5-6 mailako neska-mutilekin.
- 2. Frontoi Txikian: Orioko Bate Bizkorrak taldekoek sofbolean jokatuko dute LH 6 mailakoekin.
- 3. Villa Manuelako frontoian: LH 5-6 mailakoek esku pilota ariko dira ZKE pilota sailekoek zuzenduta.
- 4. Amatxilili plazan: Bola Kontrola Taldearekin tenisean trebatzeko parada izango dute LH 3-4koek.
- 5. Munoa plazan: Gipuzkoako Kirol Egokituko Federazioko kideak saskibaloi egokituan ariko dira LH 5-6 mailakoekin.
- 6. Malekoian–Dama inguruan: ZKE irristaketa sailekoak izango dira LH4ko haurrekin.
- 7. Hondartza hiru gunetan banatuko da: LH 3koak futbolean, Muskaria aurrean; LH 5-6koak eskubaloian, Gurutze Gorriaren parean; eta LH 3koan errugbian, Munoa aurrean.
- 8. Skate parkea: Zarauzko Surf Elkartekoekin surfa praktikatzeko aukera izango dute LH5-6koek.
- Gune batetik bestera lasterka joango dira, Antoniano Kirol Elkarteko kideek lagunduta, atletismoa landuz. Kirol jarduerak amaitu ondoren, parte hartzaile guztientzat hamaiketakoa eskainiko dute antolatzaileek Musika plazan, eta 13:30ean festaren amaiera ekitaldia egingo dute.
«12-16 urte arteko etapa ere bada eskola kirola»
EKAP Eskola Kirolaren Aldeko Plataformak bat egin du Eskola Kirolaren Festarekin. Bide batez, aldarrikatu nahi izan dute 12-16 urte arteko etapa ere badela eskola kirola, eta EKAP bezala hori bultzatu nahi dutela. «Askotan LHko haurrengana mugatzen dugu eskola kirola, 8-12 urte bitartera, baina 16 urte bitarteko asko daude federatu gabe kirola lantzen duenak, eta horren inguruan ere hausnartu beharko litzateke».
Bestalde, beharrezkotzat jotzen dute Zarauzko kirol eragile guztien mahai bat sortzea, udala, ikastetxeak eta kirol elkarte guztiak bilduko lituzkeena, «elkarrekin ildo eta helburu bersuetan herriko kirol jarduerei aurre egiteko».
iruzkinik ez :
Argitaratu iruzkina