BEGEL

2017/09/15

XVIII. Txirrindulari Txikien Eguna

Zarauzko Udalak Europako Mugikortasun Astearekin bat egingo du aurten ere eta biharko eta datorren asterako hainbat ekitaldi
antolatu ditu, Mugikortasun adimentsua, ekonomia indartsua leloarekin bat eginik.
Zikloturista Elkarteak eta Udalak antolatutako Txirrindulari Txikien egunarekin hasiko da bihar Mugikortasun Astea.
Lizardi institututik aterako dira 6 eta 14 urte bitarteko haurrak, 11.00etan, eta malekoian (Galtxagorri parean) amaituko da ibilbidea. Amaieran guztiei hamaiketakoa eskainiko zaie eta hiru bizikleta zozkatuko dituzte. Hiru kilometro inguruko ibilbidea izango da, eta nahitaezkoa izango da kaskoa jantzita eramatea. 
Datorren astean, Udaltzaingoak bide heziketako saioak egingo ditu. Irailaren 20an, asteartean, saio bat egingo du errepidean, DBH 1 eta 2ko ikasleekin; eta irailaren 21ean, asteazkenean, beste bat egingo du LH4 eta LH6ko ikasleekin, Lege Zaharren enparantzan. Biak 18:00etan izango dira. «Astearteko saioan errepidean bizikleta eta kotxeen arteko errespetuzko hartu-emana bultzatzeko lanean jardungo dute», jakinarazi du Mugikortasun eta Udaltzain zinegotzi Maite Garrastazuk. Asteazkenean, berriz, «gune partekatuetan bizikleta, patinetea eta oinezkoen arteko errespetua zein garrantzitsua den ikasiko dute gaztetxoagoek». Saioak grabatu eta Erlo Telebistan eskainiko dituzte, herritarrak kontzientziatzeko asmoz. 
Osteguna, hilaren 22a, Nire Autorik Gabeko Eguna izango da, eta mugikortasun iraunkorra bultzatzeko asmoz, herri barruko autobus zerbitzuak doan izango dira egun osoan. Gainera, haurrentzako Mugikortasun Parkea jarriko dute Lege Zaharren enparantzan, 18:00etatik 20:00etara. Plasmakarts Pista (sei ibilgailu, puzgarrien zirkuituan zehar) izango da 5 urte bitartekoentzat, eta 10 urte bitartekoentzat puzgarriak.
Hainbat berritasun Mugi txartela tramitatzeko aukera izango da urriaren 3tik aurrera Herritarren Arreta Zerbitzuan, eta autobusaren 3. linea martxan izango da azarotik aurrera. Horiez gain, San Pelaioko tren geltokian ibilbide luzeetarako autobusetarako txartelak erosteko makina dago eta «Alsa konpainiarekin ere adostasun batetara iritsi gara eskaerarik balego, autobusak Zarautzen sartzeko»dio Garrastazuk.

iruzkinik ez :

Argitaratu iruzkina