BEGEL

2015/02/25

FAMILIA ANIZTASUNA: Irakurketa gida


Arabako Ignacio Aldekoa Kultur Etxeak eta lankide ditugun Arabako Eskola Liburutegitakoak,¡En familia! izeneko gida argitaratu dute. 
Gidako sarrerako  hitzek argitzen dute gaur egungo familia aniztasun egoera:
"Une hauetan aldaketa bizkorrak bizitzen ari gara ia eremu guztietan; baita familietan ere. Dibortzioak gero eta ugariagoak dira, familia mota berriak eratzen dira, haurrak adoptatzen dira, baita lurralde urrunetatik ere, gurasoak sexu berekoak izan daitezke  eta gainera, egoera horiek guztial elkarri eragin diezaiokete".
Gida honen helburua ezagutzaren bidean laguntzea da. Egungo literatura aztertuz, familia aniztasunaren hamaika adibide aurkeztuko da: berregindako familiak edo familia konbinatuak, guraso bakarreko familiak, adopzioko familiak eta familia homoparentalak. Kontua ez da familia eredurik egokiena eskaintzea, baizik eta aniztasunaren normaltasuna nabarmentzea. Ezberdinak izan arren, denok dugula afektu beharra eta behar hori norberarentzat garrantzia duten pertsonekin betetzen dugula.
Sorta honetan, bai fikziozko bai dibulgazioko liburuak daude euskaraz eta gazteleraz.
                                          GIDA IKUSI
Iturria: Begel

PATXI ZUBIZARRETA eskolan

4.A eta 4.Cko ikasleek Paularen zazpi gauak liburua irakurri dute gelan egiten dituzten tertulia dialogikotan eta bere egilea ezagutzeko aukera izan dugu.
Patxi Zubizarreta idazlearekin solasaldi gozoan egon gara kontu kontari. Asko eskertzen diogu ekarri dizkigun kutxa eta karpeta. Bertan zituen kuttunak eta erabilitako idazki, erreportai eta marrazkiekin, benetan interesgarria egin zaigu saioa.
Euskal filologia ikasten zebilela ezagutu zuen Joan Mari Irigoien idazlea eta harrezkeroztik ekin omen zion idazteari berak ere. Orduztik hona, makina sari jaso ditu, Euskadi Saria tarteko, eta bere liburuak mundu guztiko hizkuntzetara itzuliak izan dira (Korearrez, esperantoz eta beste hainbatetara idatzitakoak ere erakutsi dizkigu).
Berak dioenez jaio ez da egiten idazle izaten, ikasi egiten da. 
- Nork daki? Gutako edozein izan gaitezke idazle -animatu zigun...
Gustura sentitzen da edozein liburu mota idazten: txiki, gazte zein helduentzat. Bere sorkuntzan Afrikako kontuak, Marokokoak bereziki, leku handia okupatzen dute.
Lehen idazkera, tinta berdeko lumaz egiten ditu eta gero pasatzen ditu ordenagailura.
Ideiak bere bizipenetatik eta ikusi edo irakurtzen duenetik hartzen ditu (aldizkari eta egunkaritako erreportaiak azaldu dizkigu). 
Besteek idatzitakoak ere itzultzen ditu eta astelehen honetan Baso bat opari errezitaldia eskaini du Bilboko Arriaga Antzokian, Mintxo Cemillán pintorea, Antton Valverde kantaria eta Joserra Senperena musikariarekin.
Hurrengo batean ere etorriko zaren esperentzan,  ondo izan bitartean eta jarrai bide berriak urratzen !!!

 

2015/02/19

ZORIONAK BEGEL! (Gipuzkoako Eskola Liburutegien blogak 6 urte)

Oraintsu bete ditu 6 urte Gipuzkoako Eskola Libututegien blog honek

Orduztik hona 300.000tik gorako bisita jaso ditu. Guretzat  informazio iturri etengabea eta ezinbesteko lan tresna da berau. 
Gure lanerako hain baliagarria izanik ere, mundu guztitik hainbeste bisita jasotzeak harritu gaitu (150.000 bisita Estatu Espainiarretik, 17.897 Estatu Batuetatik, 9.165 Alemaniatik, 6.879 Frantziatik, 2.989 Errusia eta 1.000ka irakurle Kolonbia, Argentina, Peru eta Txinatik.)
Gure eskolako blogetik sar daiteke zuzenean  hasieran dugun bannerretik edota eskuineko zutabean dugun loturatik
Catalunya . Illes Balears , Galizia BEL - ,   Leer.es , eta  beste komunitate eta erakundeentzat ere erreferente izanik, eskertu besterik ezin dugu egin blog honen arduradun bihurtu den Fernando Lenguas, Lasarte-Usurbil BHI institutuko irakaslearen lan bikaina. Jarrai kemenez aurrerantzean ere!

2015/02/17

JAI DAGOENEAN BONBON, EZ DAGOENEAN EGON!

Ostiralean ospatu genuen eskolan Inauteri Jaialdia. Musikalen inguruan eginiko ikuskizun paregabeaz gozatu genuen eta ondorengo dantzaldia ere oso alaia izan zen. Jokin, gure IKT arduraduna, ohiko legean, kamara eskuan ibili zen goiz osoan zehar eta bideo polit hauek prestatu dizkigu.
Bideo hauez gain, eguneko argazki album bikaina ikus dezakezue eskolako web orrian jarri duen wix bikain honetan:


2015/02/11

Inauteriak datoz!

Ostegun gizen                                                                          Ostegun gizen
ostiral mehar                                                                            ostiral mehe
zapatu erregular                                                                   larunbat erdipurdi
eta igande KARNABAL!!!                                                       igande INAUTERI!!

Girotzen hasteko iazko inauteritako bideo laburpen bat dakakizuegu eta ziklo guztietako emanaldiak gogoratu edo ikusi nahi izanez gero eskolako web orriaren lotura hauxe da: http://orokieta.wix.com/inauteriak-2014

LAINO URBIETA DIEGUEZ: Zorionak!!

14-15 ikasturtean, orain arteko irakurle oparoena dugu Laino, 4. mailako ikaslea, Liburutegiko estatistikan ikus dezakezuenez.

Hemendik ZORION beroenak eman nahi dizkiogu, aurten hasi baita sutsu  liburutegira etortzen.
- Bejondeizula, Laino! Aurten hartu duzu liburutegira etortzeko joera handiena. Nondik sortu zaizu irakur  zaletasuna?
- Nere amak asko irakurtzen du eta nik ere irakurtzen hasi nahi nuen. Xuban, nire anaia ere, 1. mailan dabil eta berak ere asko irakurtzen du.
- Noiz irakurtzen duzu normalean?
- Ohera joan aurretik, baina baita etxeko lanak egin eta gero ere.
- Irakurtzeaz gain, zein ekintza dituzu gustuko?
- Patinatzea eta marraztea.
- Zein liburu gustatzen zaizkizu?
- Bolada honetan Kikarenak ari naiz irakurtzen eta nire adinekoentzat oso politak direla esangi nieke denei. Euskaraz eta gaztelaniaz, bietan irakurtzen dut.
- Zer iruditzen zaizu gure liburutegia?
- Oso leku aproposa liburuak hartzeko, irakurtzeko eta etxeko lanak egiteko.
- Sanz Enea liburutegia ezagutzen duzu?
- Bai, oporretan ere joaten naiz hara.(Denontzat, herriko liburutegiko bazkide egitea merezi duela esaten dizuegu, doan da eta aukera handia dago bertan).
- Arrazoiren bat lagunak irakurtzera animatzeko?
- Denbora pasatzeko dibertigarria da, abenturak goza ditzakezu eta toki asko ezagutu ere bai.
Bueno Laino, segi zuk ere irakurketaz gozatzen eta Zorionak!!

2015/02/06

Irakurketa txokoa

Erronka berriari heldu dio Miriam Mendoza ipuin kontalariak:
Hiru eta sei urte bitarteko haurrentzat eta euren guraso edo hezitzaileentzat irakurketa txokoak eskaintzea Sanz Enea liburutegian. 
Pasa den otsailaren 5ean egin zuten lehen saioa eta datorren 19an (17.30), izango dute bigarrena. 
"Ipuin ezberdinak irakurtzera animatu nahi ditugu gurasoak, askotan betikoetara jotzen baitugu. Gainera, saioetan irudi liburuak kontatzeko teknikak ikasteko aukera izango dute. Kontatzen ari zarena transmititzea eta horretan sinestea ezinbestekoa da. Guraso eta haurrek irakurtzeko tarte horrekin gozatzea nahi dugu. Izan ere, irakurzaletasuna bultzatzeko garrantzitsua da oso gurasoek umeei ipuinak irakurtzea. Hartu dezatela tarte bat lasai egongo direna, presarik gabe, ipuina kontatzeko. Haurra marrazkietatik hasi eta idatzizkoetara pasako da tarte horiek gustuko baditu. Haur liburutegian liburuak hartzeko ohitura zabaltzea ere badugu helburu". 
Iturria: Sanz Enea liburutegia 
Noticias de Gipuzkoa

2015/02/05

Santa eskea elurretan


BATZUK KALEAN IBILTZEN DIRA
TA BASERRIAN BESTEAK
GEURE KONTURA ATERA GERA
OROKIETAKO GAZTEAK

 Usadioari jarraiki eskolakoak ere koplak kantatzera irten gara.
Haur hezkuntzako eraikinean elkartu gara guztiok eta gero taldeka  herriko auzotan barrena zabaltzekotan ginen.Elkarrekin abestea bukatu orduko, elurra hasi zaigu: elurra, elurra! oihuka denak batera... Denboralea dela eta  2. ziklokoak bakarrik hurbildu dira Itxasmendiraino eta 6. mailakoek Zaharren egoitza eta Eguneko Zentroraino iritsi dira.

Zer dela eta makilen erabilera? Litekeena da  garai batean kantari irteten zirenak gauez ilunpean ibili beharra izatea arrazoia, bideetan barrena baserriz baserri lagundu egingo zielako ez erortzen. Horrez gain, kantuaren akonpainamendu gisa ere erabiltzen ziren. 

Zorion, etxe hontako denoi!
Oles egitera gatoz,
aterik ate ohitura zaharra
aurten berritzeko asmoz.
Ez gaude oso aberats diruz,
ezta ere oinetakoz.
Baina eztarriz sano gabiltza,
ta kanta nahi degu gogoz.
Santa Ageda bezpera degu
Euskal Herriko eguna,
etxe guztiak kantuz pozteko
aukeratua deguna.
Santa maitea gaur hartu degu gure bideko laguna.
Haren laguntzaz bete gentzake
egun hontako jarduna 


2015/02/01

Geroz eta euskal abesti gutxiago eskatzen al dituzte gazteek?

Oihan Vega irrati esataria(Gaztean aritzen da eta ETB 1eko Euskal Herriko ikastetxeetatik zehar dabil Oihan Vega esataria, musikaria eta DJ-a. 
Gaztea Irratikoei kezka piztu zitzaien, entzuleek geroz eta euskarazko abesti gutxiago eskatzen zituztelako, eta horri buruz hausnartzeko gonbitea egin zien Vegak gazteei. Irratia nola egiten duten ere kontatu zien.
"Gure disko-festetan beti sartzen ditugu euskal kantak,oreka eutsi nahi dugu kanpoko eta geure abestien artean; ez da inposaketa kontua.Gure kantuekin dantza egitea eta ondo pasatzea posible dela ikusarazi nahi diegu..."