BEGEL

2017/05/31

Eskolako festa, larunbatean

Konturatu orduko ikasturtea amaitzear da! 
Aurreko batean eman genuen bazkaritara etortzeko tiketen berri.
Oraingoan jaiaren egitaraua dakargu. Ondo pasa!!!

2017/05/30

Datorren urterarte....hemendik bagoaz!

Literaturarekin lotutako ikuskizunek (antzerki, kontzertu, irakurketa, solasaldiak,...), liburu aurkezpenek eta haurrei eskainitako txokoak Literaturia jaialdiaren egitaraua sendotu dute laugarren aldi honetan. Jaialdia gehiago sozializatzea dute erronka orain.
Musika Plazako kiosko bertan,  haurrei zuzendutako gune berezia antolatu dute, Manolo Urbieta herrikideari omenduz,  eta larunbat eta igandean  Jon Braunen tipia txokoa aurkitu dute gaztetxoenak. Ipuin kontalariak: Pello Añorga, Yoseba Peña, Dorleta Kortazar edo Ibai Ferrera bertan izan dira umeen literatur zaletasuna bultzatzeko asmo eta gogoarekin. Imanol Mercerok egindako liburu aurkezpenak, irakurketa klubeko gaztetxoen antzerkia, lasai irakurtzeko gunea... izan da berrikuntza polita.
Gu ere pozik gara, tipi honen apainketaren partaide zuzenak izan garelako, aurreko sarrera batean aipatu genuen bezala. Erakargarria gertatu da kioskoaren itxura berria!



              

2017/05/28

TXILLARDEGI

Aurtengo Literaturiako zilarrezko idazle gonbidatua Txillardegi da eta  beraren lan-mahaia erakusketa egongo da Garoa liburu-dendan, Modelo Aretoko Txillardegi: modernitatearen isla erakusketaren osagarri.
Egitarauan gainera gaur iganderako, 17:00etan  Elsa Scheelen Txillardegiren lanaren irakurketa dramatizatua jarri dute. (Sarrera: 3 euro*)
Zuzendaritza: Dorleta Urretabizkaia. Aktoreak: Ramon Agirre, Asier Hernandez, Fito Rodriguez, Dorleta Urretabizkaia eta Joseba Urzelai. Musikariak: Maddi Zubeldia eta Rakel Aldasoro.
Jose Jose Luis Alvarez Enparantza 'Txillardegi' soziolinguista, idazle eta pentsalari donostiarraren obra osoa digitalizatu du Jakin Fundazioak, Gipuzkoa Foru Aldundiaren Kultura Sailaren lankidetzarekin.Guztira, 1.984 idazlan eta 23.591 orrialde daude digitalizatuta, eta maiatzetik aurrera egongo dira eskura Sarean.Hiru urteko lana izan da, obra oparoa baitu, bai kantitatez eta bai gaitegiz, eta berak idatziaz gainera, bere gainean idatzitakoak, hari egindako elkarrizketak eta bere liburuen erreseinak ere digitaliztuta geratu dira. . Lan hau burututa, Txillardegiren obra osoa herritarren eskura geratzen da, "ezagutua, zabaldua, kontsultatua eta ikertua izan dadin". iturria: eitb.eus

2017/05/26

'Nur eta herensugearen tenplua' zineetan

Datorren ostiralean, ekainak 2, estreinatuko da Toti Martinez de Lezearen izen bereko liburuan oinarritutako luzemetraia. Filma Juanba Berasategik zuzendu du. Juanba aitzindaria izan da euskal animazioan, eta duela hilabete hil aurretik egina utzi zuen bere azken film hau.
Espainiako eta Kataluniako zinemetan ere estreinatuko dute filma, egun berean. Eta Ekialde Hurbilean ere zabalduko dutela azaldu dute.

Astelehenetako liburutegian egiten ditugun  ahots gorako irakurketa saio batean, guk ere izan genuen Nur eta Toti idazle beraren berri. 3. mailako Ninbe bere liburu bat aurkeztu zigunean, Nur eta magia kanpamentua.

Nur gurasoekin Txinara joan eta jolas-parke erraldoia batean lagun baten urtebetetzea ospatzen ari diren bitartean, egun horretako protagonista desagertuko da. Haren bila labirinto batean murgildu dira, eta handik ateratzeko, asmakizun guztiak ebatzi beharko dituzte.


2017/05/25

Jon Braunen tipia

Haurren gunea, Manolo Urbietaren omenez
Musika plazan  egongo da aurtengo berrikuntza nagusietako bat, larunbatean eta igandean: haurren gunea. «Hutsune bati» erantzuteko sortu dutela adierazi du etxekoa dugun Ibai Ferrera ikasle ohi eta antolatzailetako bat. Irakurzaletasuna sustatu nahi badute ere, gunea, batez ere, «plazererako plaza» izatea nahi dutela. “Helburua, literatura den suaren inguruan ahalik eta indio txiki gehien dantzan jartzea”, eta irakurzaletasuna bultzatzea, gozamenez.
Musika plazako kioskoan egongo da gune hori, eta Jon Braunen Tipia izango da haren izena, iaz zendutako Imanol Urbieta kantugilearen omenez. Ipuin kontalarien saioak, poesia tailerrak eta irakurle gazteen klubaren antzerkia egingo dituzte bertan, besteak beste. 
Musika plazan egingo dute liburu azoka ere, larunbatean eta igande goizean. Hainbat argitaletxeren eta autoedizioen bidez, euren lanak kaleratu dituzten idazleek bertaratzen direnen eskura jarriko dituzte euren lanak.
Egitarau oparoaz aparte -aukeratu beharra izango da, fisikoki ekitaldi guztietara joaterik ez baita izango-, literatura zale eta idazleen arteko topagune ere izan nahi du.
Aurreko sarreran azaldu genuen egitaraua, baina gaurkoan bereziki haurren gunekoa dakarkizuegu.

Kioskoa indioen tipia bihurtzeko ikastetxe bakoitzari bina horma irudi handi egiteko eskatu zizkiguten eta gureak prest ditugu dotore asko:
Jon Braunena: Amets polit hura gaur ere nahi nuke sinistu eta
Ran Roberrarena: Kantatzen ez duenak zorionik ez du leloarekin.

2017/05/24

SALBATORE MITXELENA Sariak

Aurreko ostiralean ospatu zen Salbatore Mitxelena lanen sari banaketa. Zarauzko Udaleko Hezkuntza Departamentuak herriko haur eta gazteengan idazteko zaletasuna bultzatzeko asmoz antolatzen du lehiaketa hau.Guztira, ia 700 ipuin eta olerki izan dira, eta ikasleen idazteko zaletasuna ez ezik, atzetik lanean aritzen diren herriko ikastetxe guztietako irakasleen borondatea nabarmendu zuten.
Pozik dira gure Nerea, eta Ander. Zorionak, nola ez, bioi eta zorionak baita lan bikainak egin dituzuen guztioi, sarituak ez izan arren!Asko baitira aurkeztutako lanak eta ezin denak aipamenak jaso.
Beraz zorionak parte hartu duzuen neska-mutiko guztioi!.
 Oroigarria eta saria jaso dute. Gainera saritutako ipuin eta olerki guztiak, denei banatuko zaien liburu batean argitaratuko dira.

1. saria:  Nerea Arrieta Araiztegi.  5.B
"Herri txiki, nortasun handi"

2. saria: Ander Gutierrez Chico.  5. C
"Jon arroparik gabe gelditu zen eguna"

ENRIKERI AGUR!

Enrike atezaina jubilatu da, bazkari batekin agurtu genuen lankideok eta astelehenean LHko ikasle guztiekin bertso batzuk kantatu genizkion frontoian. ONDO BIZI!



Badator Literaturia 2017

Aste bukaera hau, maiatzaren 25etik 28ra, Euskal Letren Plaza bilakatuko da Zarautz. Aurtengo gaia "Ispilua" da, eta leloa, berriz, "Literaturia gure isla da" #gureisla: literatura hainbat modutan islatzen dela diote, eta horrela egiteko asmoa dute. 
Euskalduna tabernaz aparte, Modelo aretoan, Garoa liburudendan eta musika plazan izango dira emanaldiak.               
Egitaraua ikusteko sakatu bertan
tx
 Irati Jimenez idazlea eta Petti musikaria, maiatzaren 26an, hasiko dira taularatuko duten 'Nigan, ispilu batean bezala'  ekitaldiarekin.
Markos Gimenoren 'SkizopozikS' errezital esperimentalarekin. 
                                                      
Aurtengo jaialdian izango dira, baita besteak beste, Artedrama Arte Eszenikoen Plataforma Unai Iturriagak idatzi eta Manex Funchsek zuzendutako Hozkailua lan berriarekin, Ander Lipus eta Patricia Urrutia aktore lanetan, Bihotz Bakartien Kluba Amaia Lasaren eta beste zenbait emakume idazleren ahotsak  Aginako zero bat emanaldi musikatua oholtzaratuz, Joxe Azurmendik 1968an argitaratutako Manifestu atzeratua-ren irakurketa gaurkotua eginez Manex Agirre eta Gaizka AmondarainLou Topet, beste hainbat artistaren laguntzaz, Pete Seeger musikariari omenduz, Iban Zaldua eta Miren Gorrotxategi  literatura hizpide hartuz Sakaponera, memoriaren ispilua emanaldiarekin.

2017/05/23

GREBA EGUNA

Mobilizazio egutegia osorik beteko da hezkuntza publikoan, gatazka bideratzeko pausorik ez baitute eman. Murrizketak alde batera utzi eta 2009ko egoerara itzuli nahiko genuke..
Hezkuntza aurrekontua 2009an baina 162 milioi euro txikiagoa da. Matrikulazio izugarri hazi den epe batean plantilak erabat mugatu dira eta 2.000 lanpostu inguru falta dira gure ikastetxeetan. Horretarako ikasle ratioak %9 igoz.10 langiletik 4 behin-behinekoak dira, sektore batzuetan 10etik 6. Ordezkapenak ez dira egiten edo astebete pasa ondoren egiten dira. Langileen eroste-ahalmena %15 murriztu da. Baja hartzea zigortzen da. Erretiroa errazteko pizgarriak kendu dizkigute. Hezkuntza erreformak inposatzen dizkigute
Martxoaren 22an egin zen aurrena, eta bestea, gaur zortzi, joan den asteartean. 
Bitartean larunbatean hiru hiriburutan  herritarrek eginiko manifestazioa eta ostiraletako elkartaratzeak eskola aurrean.


2017/05/22

XAKE FESTA

Xake bizidunarekin ekin zioten Eskolarteko II. Xake Festari, ostiralean. Larunbatean izan zen txapelketa eguna: 162 haur eta gaztek  Orokieta Herri Eskolako frontoian  partidak jokatzen. Goizean lau txanda  eta arratsalkdean beste hiru izan ziren. Ondoren sari banaketa egin zuten.
Amaiera emateko, igandean aldi bereko partidak jokatu zituzten malekoian, Zarauzko Damaren parean. Edonork hartu ahal izan zuen parte, helburua xakea herritarrengana gerturatzea baita.
Aste bukaera trinko hau bukatuta pozik eta datorren urterako indarrak hartu eta edizio berri bat antolatzeko prest.

Gu ere bertsotan

Urtero legez, herriko ikastetxeetan landutako Gu ere bertsotan egitasmoaren bukaerako ekitaldia ikusteko aukera izan genuen  Aritzbatalde pilotalekuan. Hemen irudi batzuk:
                                                                          

                                           












2017/05/19

Haur, Guraso eta Irakasle...MANIFESTAZIORA larunbatean.

Bai, gure kantak dio: Haur, Guraso eta irakasle, teilatu bera aterpe,..
Zentzu honetan biharko manifestaldirako deialdia, larunbat eguerdia izanik.
Eguerdiko 12etan, Alderdi Ederren hasita.

Maiatzaren 20ean,larunbatean, langileez gain, familia eta herritarrak ere deituak gaude 12:00etan Bilbo (Jesusen Bihotza), Gasteiz (Bilbo Plaza) eta Donostian (Alderdi Eder-Hernani kalea) burutuko ditugun manifestazioetan parte hartzera.

2017/05/18

II. Eskola arteko Xake Festa egingo da larunbatean


Zarautz kirol elkarteko xake sailak eta Orokieta Herri Eskolak antolatuta

Festa honen ekitaldi nagusia larunbatean Orokietan egingo den xake txapelketa izango da. Xake txapelketa honetan 8-16 urte bitarteko gaztetxoek hartu dezakete parte eta asteartean baziren 150etik gora izena emandakoak. Antola-tzaileak pozik agertu dira kanpotik etorriko diren jokalarien kopuruak gora egin duelako eta, gainera, jokalarien jatorria gero eta anitzagoa delako. Jardunaldi polita izango da.
Bihar, xake biziduna
Berrikuntza garrantzitsu bezala, bihar, ostirala, arratsaldeko 18:00etan, Musika plazan egingo den xake biziduna aurkeztu zuten. Bertan, Orokietako 2. mailako ikasleak xake pieza bihurtuko dira eta xake partida bat jokatuko dute. Gerturatzen diren ume guztiek ere izango dute ekin-tza honetan parte hartzeko aukera.
Igandean, iaz bezala, xake taulak aterako dira malekoira eta nahi duten guztiek klubeko zenbait kideekin jokatzeko aukera izango dute.
Honetaz gain, antolatzaileek Arnasa Gipuzkoa, fibrosi kistikoaren aurka lan egiten duen erakundea gonbidatu dute aurten ere.Honen  inguruan informazio gehiago emateko larunbat goizean Orokieta Herri Eskolan hitzaldi bat emango dute. Era berean, igandean stand bat jarrito dute malekoian, interesa duten guztiei banakako informazioa emateko.

MUSEOEN EGUNA

  • Gaur Museoen eguna ospatzen denez , sarrera DOAN izango da museo guztietaneta askotan baita ondorengo egunetan ere. Zenbait ekitaldi ere programatuta dago. Modua baduzue, aukera ederra bertan!

  •  Horregatik Zarauzko Photomuseumen, gaur, maiatzak 18, osteguna, arratsaldeko  18:00etan, hitzaldi bat antolatu dute:

  • Hitzaldia : Europaren etorkizuna.

  • Daniel Inneratyren eskutik eta ondoren mahai ingurua Joxerramon Bengoetxearekin.

NAIZENA NAIZELA, ONARTUA

Dibertsitatea aldarrikatzeko egun honetan, eskolako patioa beste behin ere, kolorez jantzi dugu.

Arratsaldez eta euria mehatxuka,  LHko 600 ikaslek patioan irudikatu dute koloretako bandera eta leloa.
Korrika egunean egin genuen azken koreografi alai eta koloretsua. Gaurkoan  Pirritx Porrotx eta Mari Mototsen,Tximeleta naiz Chrysallis doinupean osatu dugu leloa,NAIZENA NAIZELA, ONARTUA.
Eta kantak dioen moduan: 
   Orain hegalak astintzen ditut                           Askatasuna maite dut
    mila kolorez                                                             bizi naiz alai.


2017/05/17

'Gu ere bertsotan' ekitaldia gaur kiroldegian

Udalak herriko ikastetxeekin batera antolatutako 'Gu ere bertsotan' egitasmoaren amaiera ekitaldia izango da gaur Aritzbatalden. LH 4, 5 eta 6ko 400 bat ikaslek hartu dute parte egitasmoan ikasturte guztian zehar. Iñaki Gurrutxaga bertsolariarekin bertsolaritzara hurbiltzeko aukera izan dute 2007an hasi zen egitasmoa, beraz, azken hamar ikasturtetan Zarauzko ikasleek parada ederra izan dute bertsolaritza zer den ikasteko eta baita bertsotan jarduteko ere. 
Bi jaialdi izango dira, bat 17:30ean eta bestea 19:00etan. Eskolako 5. mailakoak han izango ditugu alai giroian kantuan.

LGTBfobiaren Aurkako Nazioarteko Eguna

Gaur, maiatzak 17, LGTBQ kolektiboarekiko Fobiaren aurkako Nazioarteko Eguna da.



Dibertsitatea aldarrikatzeko eguna da, eta gaur Zarauzko Udalak eta herriko ikastetxe guztiek bat egiten dugu aldarrikapen honekin.
Ikastetxeetan egun hauetan zehar gaia landu dute, eta gaur pankartak jarri eta ekitaldiak egingo dituzte.
Hitzaldia : "Transexualitatea haurtzaroan"
  • Maiatzak 16, Asteartea 18:30
Antoniano aretoa                            
Bestalde, arratsaldeko 20:00etan,gaur, Modelon, "Azul y no tan rosa" filma ikusteko aukera izango dugu.Sarrera doan.
Filma honek 2014. urtean Goya saria irabazi zuen, eta 8 hilabeteetan egon zen karteleran Venezuelan.

2017/05/13

PROTESTAK JARRAITZEN DUTE

Azken urteotan, gobernuek ezarritako murrizketek, hezkuntza inbertsio erabat eskasek eta inposaturiko hezkuntza erreformek gure hezkuntza sistema oro har eta gaur egungo hezkuntza publikoarena zehazki egoera larrian kokatu dute.

Nahitaezkoa deritzogu berdintasun eta kalitatezko hezkuntza eskubidea bermatzeko neurri eta baliabide nahikoa izatea eta lan-baldintzak nabarmen hobetzea Irakasleen artean, Heziketa Berezian, Sukalde eta Garbiketan eta Haurreskoletan. 

Egoera onartezin hau dela eta, Orokietako irakasleok beste behin ere, elkartaratzea egin dugu jolas garaian eskolako atarian protesta moduan.


Maiatzaren 16 eta 23an greba deialdi berri bat dugu eta maiatzaren 20ean,larunbatean, langileez gain, familia eta herritarrak ere deituak gaude 12:00etan Bilbo (Jesusen Bihotza), Gasteiz (Bilbo Plaza) eta Donostian (Alderdi Eder-Hernani kalea) burutuko ditugun manifestazioetan parte hartzera.



Aurtengo LIZARDI saria, etxeetan

13 lanen artean, Leire Bilbaoren (Ondarroa, 
1978) 'Pikondoaren balada' ipuina aukeratu du Lizardi Sariko epaimahaiak. 
3.700 euro jaso ditu, eta udalak ipuinaren 2.500 ale banatuko ditu doan ikasleen artean.

Pikondoaren balada ipuinak «familia istorio batetik, istorio unibertsal bat kontatzen du». Osaba Lukasek une batean erabakitzen du bere etxe ondoan dagoen pikondora igoko dela eta ez dela bertatik jaitsiko. Nahiz eta gerra etorri, nahiz eta gerran parte hartzeko deitua izan, nahiz eta bere anaia gerrara joan, berak esaten du ezetz, bera ez dela jaitsiko pikondotik.
Pikondoarena da bizitzaren gaineko filosofia bat: lurrari lotuta dago, bai, baina era berean begiak hodeiertzera ditu jarrita, naturara, txoriei… 
Lukasen istorioa da, baina Martinak, haren ilobak, kontatua bere hitzekin. Kontakizun honek ekintza gutxi ditu, baina gogoeta asko. Martinak bere familiaren istorioa kontatzen du, bere osaba aitzakitzat hartuta, eta pikondoa bihurtzen da protagonista.
Hain zuzen ere, familia bizi den etxea Piku Enea deitzen da, pikuaren ondoan eraiki zuelako Lukasen aitak. Etxea amaitzen duen egunean bertan, azken teila jartzen duenean, teilatutik erori eta hil egiten da Martinaren aitita Martin. Eta egun horretan bertan jaioko da Lukas, pikondopean. Martin hiltzerakoan, ama bi semeekin geratuko da, oso ezberdinak diren direnak.  Nagusia dago lurrari oso lotua, arrazionala da, gerrara joaten da bereak defendatzera…Lukas, berriz, kontenplatiboagoa da, bere filosofiari eusten diona. Azkenean ikusiko da nola Martinak ulertzen duen bere osaba zoroa eta hark bizitzaren gainean duen ikuspuntua.
Horrez gain Lukasek balio handia ematen dio ahozkotasunari, tradizioari, filosofiari zein literaturari eta bere ilobari trasmitituko dizkio euskal baladak, esaera zahar, kantu eta atsotitz franko.

Hamar urte badira idazten hasi zenetik eta makina poema liburu eta haurrentzat ipuinak idatzi ditu. Hainbat sariren jabe ere bada .

2017/05/11

Abian da BOOKTUBERBOOM lehiaketa, EAEko lehen booktuber lehiaketa

EAEko gaztetxoen artean ikus-entzunezkoen bidez irakurtzeko zaletasuna sustatzeko helburuarekin, mundu mailan sekulako arrakasta izan duen BOOKTUBE fenomenoa baliatuz, BOOKTUBERBOOM egitasmoa sortu dugu EAEko Liburutegi Zerbitzuak eta Galtzagorri Elkarteak.
Egitasmoaren helburua EAEko BOOKTUBER PLATAFORMA sortzea da. Horretarako, BOOKTUBERBOOM 1.LEHIAKETA, antolatu dute.
EAEko 14 eta 18 urte bitarteko gazteei zuzendutako lehiaketa izango da eta parte hartzaileek euskarazko liburu bat irakurri eta horri buruzko booktube bat sortu beharko dute.
    Iturria: https://zuzeu.eus/kultura/abian-da-booktuberboom-lehiaketa/                       https://booktuberboom.wordpress.com/egitasmoa/
Zer da booktubea?
Book (liburua) eta tube (Youtube) lotzen dituen bideoa da. Hau da, Youtube plataforman zintzilikatzen den liburu bati buruzko kritika edo iruzkina da; liburu baten irakurketa gomendatzeko norberak bere buruari egindako bideo-grabazioa.
Dagoeneko, sare ikaragarriak sortu dituzte, bai nazioarte mailakoak, bai tokian tokikoak (hizkuntzaren arabera gehienetan). Hori guztia, azpi-kultura digital bat sorrarazten ari da: booktuber horiek, azken finean, euren esperientzia literarioak besteekin konpartitu nahi dituzten neska-mutilak baitira eta neurri horretan literatur kritikari berrien sare eta plataformak ari dira sortzen.  
           

2017/05/08

Gaztetxoentzako irakurketa kluba

Gaztetxoentzako irakurketa kluba Ibai Ferreraren gidaritzapean.
Azken saioa.

Maiatzak 09, Asteartea 17:30

Sanz Enea kultur etxean
                                  

Ipuin kontaketa

 Maiatzak 10, Asteazkena 17:30
 Sanz Enea kultur etxean
"Elefante bitxia". Rosa Martinezen eskutik.
3 / 8 urte bitarteko haurrentzat.

HAURRENTZAKO ANTZERKIA

Enekantak:  ASTONAUTA, MUNDU BERRI BAT ERAIKITZEN
Maiatzak 21, Igandea 16:30
Modelo aretoa
Sarrera Sanz Enean aldez aurretik: 4€


2 urtetik gorako haurrentzat. 

Lur planetan barrabaskeri asko daude: kutsadura, gerrak…Gure lagunek mundua hobetzu nahian eta liburu magikoaren bitartez, irria hedatuz eta abestiekin dantzatuz, ilargira doaz konponbide baten bila. Bertan asto bat aurkitzen dute eta hasieran beldurra sortarazten duen estralurtar bat ere bai. Astoak magia egiten du. Lortuko dute mundu goibel honi laguntzea?? 




2017/05/05

II. Eskola Arteko Xake Festa

Maiatzaren 19, 20 eta 21an Zarautzen II. Xake Festa ospatuko da, 8 urtetik 16 urterainoko gaztetxoentzat Orokieta Herri eskolan. Animatu gurekin asteburua pasatzera!
IZENA emateko: 
http://xakefesta.wixsite.com/zarautz2017




Lekua: Orokieta Herri Eskola      
 19 ostirala: 17:00 xake biziduna. Musika plazan. 

20 larunbata: 09:30 - 18:30 xake txapelketa. Orokietan. 

21 igandea: 17:00 - 20:00 xake partidak. Malekoian.
                                                   

2017/05/03

Ipuin maratoia

Apirilaren 24ean hasi ginen ospatzen liburu astea. Horren inguruan zenbat ipuin, antzerki, hitzaldi, kantaldi ikusi, entzun eta gozatu ahal izan ditugu. Bihotzez mila esker hau posible egiten lagundu diguzuen guztioi. Ez da erraza izango guztiak hemen behar bezala azaltzea, baina aipamen txiki bat egin gabe ezin utzi. Barkatu parte hartu eta argazkirik gabe geratu zaretenoi.

Gure pasilotako hormak ipuinez josi ditugu. 1. eta 2. ziklotako ikasleek aukeratu dute zein ipuin kontaketara joan. Ipuin bakoitzerako gela bat izendatuta dago, edozein txokok balio baitu kontatzeko eta bakoitzean irakasle bat baitago kontatzeko prest. Horrela sortu dira talde nahasiak eta saio politak gozatu ahal izan ditugu Liburu astean.           


XXXV. SALBATORE MITXELENA SARIAK- 2017

Zarauzko Udaleko Hezkuntza Departamentuak herriko haur eta gazteengan idazteko zaletasuna bultzatzeko asmoz antolatzen du lehiaketa honetan lan ugari aurkezten dira urtero eta aurten ere benetan emankorra izan da jarduna.
 Zorionak irabazleoi!!
Modelo aretoan izango den sari banaketararte!!.
SARITUAK:
B MAILA, ipuinak.

1. saria:  Nerea Arrieta Araiztegi.  5.B
"Herri txiki, nortasun handi"

2. saria: Ander Gutierrez Chico.  5. C
"Jon arroparik gabe gelditu zen eguna"