BEGEL

2017/11/29

Aste honetan irakasleon txanda

Aurreko hiru astetan Haurreskolak Partzuergoko hezitzaile eta langileek, Sukaldari eta Garbitzaileek, eta Heziketa Bereziko Hezitzaileek izan zituzten Borroka astea eta Greba eguna. Aste honetan, azaroaren 27tik abenduaren 1era,
Irakasleon borroka astea martxan da eta bihar,osteguna, azaroak 30,  greba eguna  eta lurraldeko hiriburuetan manifestazioak egingo ditugu.

Iragan den ikasturteari jarraipena emanez, aurten ere irailetik aurrera hainbat mobilizazio eta greba egin dugu Lan baldintzak hobetu, hezkuntza eraiki lelopean.
Eskariak argiak dira: gure jardun hezitzailea modu egokian garatzeko eta kalitatezko zerbitzua eskaintzeko lan baldintza duinak izatea (inbertsioa igotzea, pertsonala handitzea, ikasle ratioak murriztea, langileen egonkortasuna bermatzea, ordezkapenak lehen egunetik betetzea, eta abar).
Greba deialdi hauek gure hezkuntzaren egoera gordina agerian utzi nahi dute. Ez dezagun ahaztu, gure ikasleen hezkuntza kalitatea dagoela jokoan.
Negoziazio Mahaiak deitzeko ariketa formala egin zuen arren, ez die gure aldarrikapenei erantzun egokirik eman. Hezkuntzan inbertsio handiagoa egingo dutela ozen aldarrikatzen duten bitartean.
Gure eskaerak beharrezkoak bezain lorgarriak dira; borondate kontua da. Bitartean, mobilizatzen jarraituko dugu eta ostegun honetarako eginiko greba deialdiaz gain, abenduaren 12an beste sektore guztiekin batera grebara joango gara.

ezkuntza herri eraikuntzan zutabe inportanteenetakoa dela sinisten badugu, irakasleen aldarrikapenak aitortu, babestu eta bultzatu behar ditugu.
Aurreko ostiraleko elkarretaratzea eskola atarian.

2017/11/27

MAISU .MAISTREN EGUNA- Zorionak

Azaroaren 27an, Irakasleon eguna ospatzen da. 

José de Calasanz, apaiza, pedagogo eta santua. Eskolapio ordenaren sortzailea.
Bere jaioterria Peralta de la Sal (Huesca), gatzaga eta ardoengatik ezaguna. Barbastrotik gertu, olibondo eta almendrondo artean BTT eta oinezko ibilaldiak egiteko leku lasaia. Jaiotetxearen ondoan aterpetxea dago eta Alquézar eta Roda de Isábenara bixitaldiak egitea merezi du.
Maixu-maistra guztioi ZORIONAK eta aurrera!
                Gure lanaren aitormen moduan, 12 pelikula aipatzen ditugu hemen sakatuz gero,  El club de los poetas muertos-etik hasi(1989), Los Chicos del Coro (2004),  Mentes Peligrosas (1995) ...berriena den  La profesora de historia arte.(2014)




GARI URANGA, ongi etorri ENBATARA!!!

June Uranga, Nora Vila, Ander Gutierrez eta Unai Etxarte, 6. mailako ikasleak laurak, elkarrizketa egin diote Garikoitz Urangari.
Arraun ikastaroa egin ondoren, kirol honen ezaugarri batzuk jorratzeko aukera ere izan dute.
Gehiago ezagutzeko asmoz ekarri dute gure irratira Gari Uranga, Zarauzko Enbataren entrenatzaile berria.

1982ko urtarrilaren 5ean, Errege bezperan, Zarautzen jaioa.  22 urterekin hasi zen Enbatarekin arraunean, eta hura tostan zela aldi bikaina izan zuen taldeak. 2010ean Zumaiara joan zen, eta 2011n, Hondarribiara. Han aritu da azkeneko zazpi urteetan.«Oso arraunlari ona. Fisikoki indartsua, giro ona sortzen du taldean» zioen Orbañanos entrenatzaileak. 
Arraunlari gisa ibilbide oparoa egin ondoren, aurten, jauzi berri bat eman du orain eta entrenatzaile bihurtu da. Orain arte izan dituen entrenatzaile guztiengandik ikasi ahal izan du asko eta arraunlariei ilusio hori igortzeko asmoz heldu dio erronkari.

Gipuzkoako txapeldun eta Kontxa bitan irabazi, TKE liga  eta beste hainbat sari lortu ditu, Zarauzko ikurriña tarteko.
Bere burua suerte handiko arraunlaritzat jotzen du eta eliteko arraunlaria izan arren, ezin hortik bizi eta igeltsero da lanbidez, aita bezala.

Entrenamendu eta estropada garaian euskara dute bitarteko, hitz batzuek gazteleraz erabiltzeko ohitura izan arren. Ikuspegi honetatik, arrauna ETBk retransmititzean euskara asko sustatu dela nabarmendu nahi du Garik.
Arrauna aukeratzeko hainbat arrazoi aipatu ditu:
- Taldeko kirola dela eta horrek asko ematen dizula pertsonalki.
- Sakrifizio handikoa izan arren, hartzen den disziplina ere onuragarria delako.








- eta nola ez, kirol polita dela, zalantzarik gabe uretan egitean.








Galdera motz batzuk:
Estropada bat:  Zarauzkoa.  
. Babor ala Estribor?: beti estribor.
. Bakarkako kirol bat: Eskupilota.
. Entrenatzaile bat:  Mikel Orbañanos.
. Sari bat: Ez nuke bat bereiztuko bat.
. Miresten duzun kirolari bat: Nire arraunlariak,... baina ez naiz asko       mirestekoa.
. Zaletasun bat: Mendia.
. Amets bat: Zarautzekin TKE-ACTra igotzea.
. Momenturik okerrena? ez dut txar askorik izan zorionez.
. Eta hoberena? Bi urtez, Zarauzko Ikurriña irabaztea
Beno, Gari, mila esker gugana etortzeagatik eta ea Orokietar ugari hurbiltzen garen Enbatara. Bitartean, Zorte On aurtengo ligan.Guk animatuko zaituztegu:
       ENBATA, GURE ENBATA,
           EUSKAL HERRIKO
         ONENA DA TA (Berriz)                                   

2017/11/25

"DOLOR EX" in itinere.Performance ibiltaria

Larunbatean, iluntzeko zortzietan, Ainhoa Alberdi Gisasola eta Eneko Balerdi Eizmendi aktoreak eskainiko duten ikuskizuna.
Torre Luzeako eskaileretan hasi eta, jarraian, Kale Nagusitik abiatuta,  herriko hainbat toki zeharkatuko dituzte, hainbat geldialdi eginez. 
Duela bi urte ere performance ikuskizun bat antzeztu zuten bi sortzaileek azaroaren 25aren harira, Parekidetasun Sailak proposatuta. Nirekin dantzatu nahi? izenburupean, 
Orduko hartan agerikoa zen gizon eta emakume baten arteko indarkeria. Aurtengorako, aitzitik, ez zuten gauza bera errepikatu nahi, «hori askotan kontatuta» dagoelako. 
Hala, minaren kontzeptua hartu dute oinarritzat: «Mina guztion gauza da, unibertsala. Ez da bakarrik tratu txarrak jasan dituzten emakumeena. Erasotzailearen atzean ere mina dago».

Azaroak 25: Emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko Nazioarteko Eguna

Atzo, ostirala, 2. urtez Urola kostako udal hezkidetza foroan proposatutako ekimena: Zinta Dantza. Tratu ONetan dantzan. Egunaren zergaitia eta sorrera eta asmatutako leloak irakurri zituzten ikasle batzuk, ondoren dantzari ekiteko. 
Goizean, Emakumearen aurkako indarkeria salatzeko, ikasle batzuek irakasleentzat txapak egin eta banatu zituzten.


Aurreko egunetan entsaioetan:










       

           



       

Haurrentzako filma

"Haurrak eta lapurrak 2"

Aste bukaeran, azaroak 25 eta 26an, arratsaldeko 16:30etan, Modelo aretoan.

2017/11/23

ZORIONAK MARTINA!!

Itxialdi baten ondoren, Iturribiden dagoen ludotekak espazio berria zabaldu zuen urrian, aldaketa ugarirekin: besteak beste, adin tartea 4 eta 11 urte bitartera zabaltzea eta doako zerbitzua eskaintzea.

Martina Garcia, Ludotxo hontzaren egilea, saria jasotzen. 
Era berean, ludotekako logoa eta izena hautatzeko lehiaketa bat jarri zuten martxan. 
Hala, ikastetxeetako LH4 eta LH6 maila bitarteko ikasleek euren proposamenak aurkeztu zituzten eta, proposamen irabazlea, Orokieta Herri Eskolako 9 urteko Martina Garcia Arrizabalagaren Ludotxo hontza eta honen buruaren irudia dira ludotekaren izen eta logo berria.
Aupa Martina! Segi kemen horrekin ekintza desberdinetan parte hartzen.
Hemen kiklatuz gero, iazko ikasturtean gure Ahots gorako irakurketan egindako partaidetza ikusiko duzue:
orokietakomediateka.blogspot.com.es/2017/03/astelehenetako-legez-gaur-martina.html

Heziketa Bereziko Hezitzaileen greba

Aste honetan, azaroaren 20tik 24ra, Heziketa Bereziko Hezitzaileen borroka astea burutuko dute eta gaur, osteguna, azaroak 23, greba eguna dute.


Heziketa Bereziko langileok, eskoletan, hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleez arduratzen dira: zeinu hizkuntzako interpreteak eta hezkuntza laguntzako espezialistak gela barruan eskuhartzen; itinerante moduan berriz, fisioterapeutok saio teknikoak ematen dituzte eta transkriptore eta lan terapeutek, gelako, zein ikastetxeko materiala egokitzen dihardute.


2003tik hitzarmenik gabe dagoen kolektibo honetan, azken urteetako murrizketek are egoera larriagoan utzi dituzte, langile, ikasle, eta familiak.

Eta hau guztia, heziketa laguntza berezia behar duten ikasleei laguntza eman behar dieten langileen artean. Berez heziketa lana gehien zaindu beharko litzatekeen esparru batean. Azken urteetan, behar bereziak dituzten ikasle gehiago matrikulatu badira ere, «langileak eta baliabideak inolaz ere ez direla proportzio berean hazi» diote.
Agerian utzi nahi dute administrazioaren aldetik pairatzen duten utzikeria. 
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak ipintzen dituen baliabideak ez direla nahikoak ikastetxeek dituzten premiei aurre egiteko. Kontrakoa adierazi arren, Hezkuntza Sailak ez ditu ordezkapenak betetzen lehenengo egunetik aurrera ondorengo sektore hauetan: heziketa berezia, garbiketa edota sukaldeetan.Horrek itzelezko kalteak dakarzkio gure hezkuntza sistema publikoaren kalitateari.

Gogoratu, urrian zehar mobilizazio ugari deitu ditugula EAEko unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoan.
Aurreko bi asteetan, Haurreskolak Partzuergoko Hezitzaile eta Kudeatzaile eta Sukaldari-Garbitzaileek izan zuten borroka astea eta greba eguna.
Ohiko diren ikastetxetako aurreko ostiraleko elkarretaratzean hartu genuen berriz ere parte.

2017/11/22

TRATU ONEKIN DANTZAN

Emakumeenganako indarkeriaren aurkako eguna larunbatez egokitu da aurten, eta ospakizun honen inguruan ostiralean, azaroaren 24ean, herriko ikastetxeetan Tratu onekin dantza egingo da.

  • Arratsaldeko 15:15ean zinta dantza egingo da ikasle, irakasle, guraso,  eta jangelako begiraleekin HHko patioan. Euria balitz LHko frontoian. 

  • HHko ikasleek borobil erdi bat osatuko dute eta LHko ikasleak, iritsi ahala, HHkoen borobil erdia itxiko dute.
  • Borobilaren erdian zinta dantza egingo dute.
    Zinta dantza egin aurretik irakasle batek aurkezpena egingo du eta ondoren 5. eta 6.mailako ikasleek leloak esango dituzte.
    Bukatzeko, musika jarriko da eta musikarekin batera bakoitza bere eraikuntzara joango da.

    LHko 12 zinta, pasilloetan jarriko dira eta beste 12ak, larunbatean saskibaloiko saskietan zintzilikatuko dira.
     
    • Tratu txarrak baztertzeko, tratu onak(bizikidetza, elkarlana, lankidetza,.) garatzea da gakoa.
      Tratu onarekiko konpromisoa hartzeko, guztien aurrean zinta dantzan islatzea erabaki daTaldearen indarra sumatuz, gizarte justu baterako mezua bera partekatzea. 
      Urte osoan zehar emakumeenganako indarkeria-mota ororen kontra egiten den lanaren parte da egun hau oroitzea. Eskolan plan orokor bat lantzen dugu, benetako eraldaketa lortzeko asmotan lagunduko diguna.

      Sentsibilizazio fasea eta hizkuntza trataerari duela pare bat urte ekin genion eta horretan darraigu.
    •  

2017/11/21

Urrezko giltza

Donostian, Liburutegi Nagusia - San Jerónimo - Ekitaldi aretoan, Azaroaren 24ean, arratsaldeko 18:00etan, euskaraz, saio polit bat guraso, bere seme-alaba eta hezitzaileentzat. 
4-8 urte bitartekoak, heldu batekin.

Patxi Zubizarretaren eta Jokin Mitxelenaren Urrezko giltza liburuan oinarrituta, tradiziozko baliabideak erabiltzen ikasteko saioa. Zuen bisitaren zain,



 Saioan Ipuinen kontaketa, zuzeneko ilustrazioak eta musika izango da. 

Santa Zezilia kalez kale kantuan

Aste bukaera osoan izan dira ekitaldi desberdinak Santa Zezilia ospatzeko, baina asteazkena izanik eguna propio, herrian zehar nabarituko dugu, herriko txistulari eta abesbatzak ibiliko baitira kalez kale kantuan.



2017/11/20

ESKULANAK eta GAILETA TAILERRA

Izena emateko epea, azaroaren 22an bukatzen da.


PAULO DIAZekin.

Jostailu bilketako kontu hau eta Harapan proiektua aurkezten Paulo Díaz izan genuela aipatu dugu aurreko sarreran. Bera ere izanda da surf egiten Indonesian eta eskola egiteko asmoa dutela azaldu digu . Horretarako eramango dute dirua bertara.
Harapan hitzak ITXAROPENA esan nahi du hindu hizkuntzan.



HARAPAN PROIEKTUA


Paulo Díaz eskolako gurasoaren bixita izan dugu oso proiektu interesgarria aurkezten.
Urtero Gabonak aldera eskolan egiten da jostailu bilketa eta salmenta ondoren jasotako dirua, aurtengoan Indonesiako Harapan proiekturako izango da.
Lehenbizi Munduko Mapan kokatu digu eta ideia ona proposatu ere bai:

Ondo legoke etxe guztitako horma batean MAPA egotea, ezagututako lekuak edo gertaerak kokatzeko!








UNICEFen bideoa

Haurren eguna ospatzeko, UNICEFek bideo hau prestatu du, umeek bere iritzia altu eta argi adieraz dezaten. Txikienak politikan, negozioan, komunikabideetan, kiroletan eta aisialdi munduan arituko dira, haien kezkak eta iritziak azaldu eta munduko buruzagiek zer egin behar duten esateko. 

HAURTZAROAREN NAZIOARTEKO EGUNA

Aurten lehenbiziko aldiz ospatuko da Haurren Eguna Zarautzen. Astelehena, azaroaren 20a, Haurtzaroaren Nazioarteko Egu­na dela aprobetxatuz, hainbat ekitaldi antolatu dituzte. Atzo, kalejira egin zen trikitilari, erraldoi eta buruhandiekin. Alde batetik, jai giroan ospatu behar delako haurren eguna. Jolasak ere izan ziren arratsaldez Gaztelekun. Baina, bestetik haurtzaroaren eskubideak aldarrikatzen dira egun honetan. Zoritxarrez, haur eta adingabe askok, gehiegik, ez dituzte oraindik ere beren eskubideak bermatuta. 

Bi ideiak uztartu nahian, gaur bi dokumentu banatuko dituzte Zarauzko ikastetxeetako Lehen Hezkuntzako geletan: batetik, haurren eskubideen inguruko hitzarmena jasotzen duen posterra, eta, bestetik, Haurrak Hezteko Dekalogoa. Posterra Save the Children elkarteak osatu du eta Dekalogoa berriz, Begoña Ibarrola psikologoa, haurren terapeuta, haurrentzako liburuen idazle eta adimen emozionalean adituak osatu du.

Ludotekaren irekiera festa

Ludotekaren irekiera festa ere izango da gaur, aste batzuk zabalik eraman arren: txapak egiteko tailerra izango da, baita gurasoek beren seme-alabekin jolas dezaten dinamikak ere. Era berean, ludotekako gazte talde batek prestatutako bertsoak entzuteko aukera ere izango dute bertaratzen direnek. Halaber, festa baliatuko dute ludotekaren izena eta logoa zehazteko lehiaketaren irabazlea aurkezteko. Festa 16:45etik 19:30era izango da, ludotekan bertan.

Hitzaldia

Azaroak 22,  asteazkena, 18:00etan, Haur zoriontsuak nola hezi? -Cómo educar niños y niñas felice, hitzaldia,gazteleraz, Begoña Ibarrolaren eskutik, Antoniano aretoan.

2017/11/18

Haurrentzako jolasak

"Haurren eskubideen eguna" ospatuz, 
azaroaren 19an,
Igandean, 17:00etan, 
Haurrentzako jolasak Gaztelekuan, 
Gaztelekuko nerabeek antolatuta.

    •  

2017/11/17

Marian Aranburu eskultorearekin

LH 2. mailako ikasleak  ZARAUTZ gaia ari dira lantzen eta herrian murgildurik, plaza, kale, parke, lorategi eta malekoi bertan aurkitzen ditugun eskulturak aztertzen hasi dira. 
Gai honetaz hitz egiteko  pertsonarik aproposena, MARIAN ARANBURU eskultore zarauztarra etorri zaigu bixitan.
1985ean, Zarauzko Munoa, eskultoreentzat hain preziatua den Markinako harri zuri-beltzezko bloke tzarrez bete zen. Harrigarria zen herritarrontzat mundu guztitik etorritako eskultoreak bertan lanean ikustea. "HARRI TA HERRI" Nazioarteko I ESKULTURA SIMPOSIUMA ospatzen zen.
Eskulturaren Nazioarteko I. Sinposioa

Han zen noski Marian Aranburu bera ere! Harrezgeroztik gure herria eskultura gune esanguratsua bihurtu da eta ibilbide eskultorikoak programatzen dira, paseo atseginak eginez.

Mazoa, zintzela eta beste lan tresnekin etorri zaigu eskolara azalpenak ematera. Bihotzez eskertzen diogu, tartetxo bat guri eskaintzea horrelako artista bikainak.











Torre Luzeako parkean, Lizardiri egindako eskultura ikus dezakegu, "Lizardiri omenaldia"
eta Sanz Eneako lorategian "Izenik gabekoa"