BEGEL

2016/09/30

LAGUNTZAILE TALDEA PREST

Urriaren3an, irekiko ditu ateak gure liburutegiak nahi duzuen guztiontzat.
Astelehen eta ostiraletan, liburu mailegua egin ahal izango da, 16:30 etatik  17:00 etara, 15 egunetarako. Gehiago luza daitezke mailegua berrituta).
Ordenagailuetarako txandak, entrenamenduen arabera, adieraziko dira beheko panelean. Egun bakoitzean  dagokien gelakoak bakarrik joan ahal izango dute.
Dagoenekoz, laguntzaile talde ederra aurkeztu da bolondres eta lanean hasteko prest dago:
6. mailakoak :    Eli, Itxaso, Nerea, Amaia, Nora, Laia eta Izar
5. mailakoak:     Laura, Amets, Laida, Norkis, Dare, Nahia  eta Saioa.
                                
Geletako liburu sortak (27 liburutik gora gelako) prestatu eta banatu dira, orri aurkitzaileak ikasle guztientzat egin eta bazkide berrien txartelak eguneratu ditugu. Orain liburu berriak seilatu, katalogatu eta forratzen hasi beharko dugu..
Laguntzaile fin hauen egutegia egin dugu txandatzen joateko.
Ekin eta aurrera!!!!!!

2016/09/28

AGUR eta OHORE Manolo!

Joan zaigu ba, IMANOL URBIETA, Manolo herrikoentzat. Eguerdian jakin bezain laster bere kantak ekarri ditugu gogora eta ahopean hasi gara kantatzen. Eskolako sarrera-irteerako txirrina bere doinuz jantzi dugu...
Urtetako lana aitortze aldera, merezitako hamaika omenaldi egin dizkiote han eta hemen, azken urteotan. Duela pare bat urte, Zarauzko Udaleko Kultura Sailak omenaldi disko berezia prestatu zion:  Bakarrik eta libre deiturikoa.Gaur egungo pop-rock taldeek eginiko bertsioz osatutako tributu diskoa.
Bakarrik eta libre badoa. Bakarrik eta libre gaztea. Poltsikoan eskuak, oinak arrastaka. Luzea da bidea.... Luzea izan da Imanol Urbietak musikagintzan eta pedagogian egindako ekarpena. Aitzindaria, oparoa eta eskerga.  Abilidadea zuen izan ere, haurrenganako musika sortu eta ume guztiak kantuan eta dantzan jartzeko. Bukaera aldera, berriz, Udaberri, zaharren abesbatza zuzentzen aritu zen eta zer gutxiago, herriko Udal Musika Eskola berriak bere izena darama.
Euskal Herriko edozein txokotara joanda ere, nork ez du Imanol Urbieta ezagutzen?
Mila esker Manolo!

2016/09/26

ZINEMALDIAN

Bukatu da 64. Donostia Zinemaldia eta urtero bezala, aurten ere, bertan izan ziren 1. zikloko ikasleak,
ALBERT filma ikusten.
Albert mutil gazte, bihurri eta traketsa da. Herriko Leopoldusen monumentua lurrera botako du nahi gabe, eta bizilagunak haserretu egingo dira berarekin. Egindako kaltea konpontzeko, benetako globo-kapitain bat ekarri nahiko du herrira, eta Egon laguna eta biak abentura ero batean murgilduko dira. Karsten Killerich daniarraren lan berriak bidaia zirraragarria kontatuko du.

Aipamen asko egin daitezke aurtengo Zinemaldiari buruz (Sakatu bertan azkenak jakiteko). 
Guk hona Igelak komedia dakarkigu, Patxo Telleriak zuzendua.Abenduan helduko da zinema aretoetara etxegabetzeen aferan girotutako erredentzio istorioa.

“Izarren hautsa” kantuaren jazz bertsioaren doinupean, eta, hain zuzen ere, Xabier Letek idatziriko hitzen txatal bat da musikari pisu handia ematen dion filmeko ardatzetako bat: “Sortu ahal dugu gure aukera bizitzan?”

Musika eta umorea dira nagusi musikalen egiturari jarraitzen dion filmean (Ainhoa Arteta, Gatibu soinu bandaren egileak, Natxo de Felipe, Francis Doctor Deseokoa, Gose, Gari, Iñaki Salvador eta Oreka TX agertzen dira, besteak beste, eta Miren Gaztañaga aktorea ere aritzen da kantuan), eta harrapariak eta harrapatzaileak horretarako jaio ote diren edo erredentzioa posible ote den galdera plazaratzen du, baita, idorte handienaren ostean ere, euria irits daitekeela erakutsi ere!

2016/09/23

FORMAZIOA

Blogarekin atzo hasi baginen ere, dagoenekoz hiru aste pasatxo badira irakasleok lanean hasi ginela eta hasi orduko barru-barruraino murgildu ere, hitzaldi interesgarri birekin.formakuntza hobetze asmotan.

Ostiralean, irailaren 2an, Maria Rosa Vall, Kataluniatik,BIOLENTZIA 0 gaiarekin,  Haur Hezkuntzako eraikinean: 0 urtetatik saihestu dezagun edozein biolentzi aztarna  eta irailaren 5ean, astelehenean,  Modelo aretoan GOLDEN 5 izenpean, Sevillatik etorrita, Maria José Lera jardun zen eskualdeko ikastetxeetako irakaslerekin, eskola giroa hobetzeko, elkarbizitza  projektuari buruz, Berritzeguneak antolatuta. Honi buruzko informazioa jakiteko bideoak prest daude hemen sakatuz gero,
https://www.youtube.com/playlist?list=PLedLAXJs6GvkgSAnogQx0uW8k8daA3ZoR

2016/09/22

16-17 IKASTURTEA- ONGI ETORRI

Udazkenarekin batera ekin diogu aurtengo blogari. Inoiz baino beranduago.

Aurreko ikasturte bukaeran adierazten genizuen: zalantzan zegoen liburutegi beraren jarraipena! Ez da erraza izango. 
Izan ere, liburutegirako eskaintzen zizkiguten orduak kendu egin dizkigute.

Nola utzi ordea azken urtetan egindako lana, liburutegi inguruan sortutako giroa?
Ilusioa ez zaigu falta. Borondatez eta kemenez, denon lankidetzari esker, denbora aterako dugu aurrera egiteko.

Blogarentzako denbora ere ateratzen saiatuko gara, lau haizetara zabaldu behar baitugu gure berriak.
Hasteko, zerrendak eguneratu , irakurle-txartelak berritu eta geletarako liburu multzoak prestatu ditugu.
Ongi etorriak. Zuen laguntza ere eskertuko dugu!