BEGEL

2015/09/28

Euskara-harrera ikastaroa

Zarauzko Immigrazio sailak antolatu  du ikastaro hau bigarren urtez, Udal Euskaltegiarekin batera. Ikastaro  honen helburua Zarautza iristen diren herritar berriei bertako baliabideen berri ematea da, euskarazko oinarrizko ezagutzak eta kulturari buruzko zertzeladak ezagutarazteaz gain. Urtean bi ikastaro eskaintzen dituzte Udal Euskaltegian: bata udaberrian eta bestea udazkenean.
Udazkenekoa urriaren 1ean hasiko da, hiru aldiz astean, astelehenetan, asteartetan eta ostegunetan, 18:00etatik 20:00etara. 68 orduko ikastaroa izango da eta abenduaren 22ra arte luzatuko da.
Izena emateko epea zabalik dago irailaren 29ra arte.
Izena emateko: Immigrazio Zerbitzua (Gizarte Zerbituak), Zigordia 33. tel.: 943 005127


James Joyce-ren 'Ulises' euskaraz

"Ulises" liburuaren azalaJames Joyce-ren 'Ulises', XX mendeko nobela garrantzitsuenetako bat da. Bere eragina handia izan da ondorengo literaturan.

Euskaraz datorkigu orain maisulan hau, Igela argitaletxe eta Xabier Olarraren eskutik.

2015/09/24

UDAZKENA eta eurixe da ah, ah!

Txikitan ikasia genuen urtaroak 21ean hasten zirela,...baina ez izan horrela ba! Iaz eta aurten Udazkena 23an hasi zaigu eta euritan. Lasai segituan buelta eman, eta Sanmieletako udalditxoa datorkigula! Bitartean Alex Sarduik abesten duen moduan kantaren zati batean:
Udazkena
eta erropa zaharrak
zer gehixau bide
zoriontsu izeteko.
Joan etorri bet da gure bizixe,

ta une honek
hostixek dire, beraz
denbora txarrari
aurpegi ona jartzen badakit,
holan nabil ni
ie, ie!

Dantzan kalien
danak begire
dantzan kalien.

Eurixe da ah, ah!
Eurixe da ah, ah!

Ta saltoka...

89 egun eta 20 ordu, abenduaren 22rarte luzatuko omen da. Prest al gaude?

2015/09/22

Guraso eskolan izen-emateko epea zabalik

Ikasturte berriarekin batera guraso-eskola martxan jarri dugu.  Guraso-eskola  partekatzeko, formatzeko eta hausnaratzeko balio duen espazioa da.  Guraso taldeetan familiei, gurasoei, arreta babesa eta orientazioa eskaintzen zaie. Hilean behin elkartuko dira eta haurren garapen ebolutibo eta psikoafektiboaren inguruko informazioa jasotzeaz gain, egunerokoan bakoitzak haurrekin dituen egoerak landuko dira (zeloak, kasketak, haurren emozioak, beldurrak, mugak, arauak, komunikazioa, entzuketa aktiboa, gatazkak, sexualitatea, frustrazioak, galerak, loa….) modu praktiko, dinamiko eta parte hartzailean, eta, beti, taldearen beharren arabera.
          Iturria:   Zu Zarautz 

BIZENTAREN LUMAK karta jokoa

Genero berdintasunean oinarritutako gazteentzako karta jokoa  garatu du Elhuyar Fundazioak,  Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara Berdintasunaren Sailaren babesarekin.
Europako Batzordeak  sortutako Play & Erabaki metodologian oinarritu dute lana. Ez da karta joko soil bat, harago doa: Bizentaren Lumak gazteek berdintasunaren inguruan hitz egiteko mahai-inguruko solas-jolasa da. Berdintasunaren gaineko hausnarketa, arrazoiketa eta eztabaida sortzeko helburua du eta baita gazteen ahalmentzea lantzeko ere.
Materiala helbide honetan dago guztion eskura: 'http://bizentarenlumak.elhuyar.eus'

2015/09/21

LAGUNTZAILE TALDEA.

Irailaren 29an, irekiko ditu ateak gure liburutegiak nahi duzuen guztiontzat.

Prestaketa lanak nekosoak izaten diren arren, laguntzaile talde ederra aurkeztu da bolondres  6.mailako ikasleen artean: Aitor eta Peru, 6Atik, Eneritz eta Jon,  6Btik eta Aide, Eider eta Uxue,  6Dtik.


Izan ere, geletako liburu sortak (27 liburutik gora gelako) prestatu eta banatu, orri aurkitzaileak ikasle guztientzat egin, bazkide berrien txartelak eguneratu, liburu berriak seilatu, katalogatu eta forratzea, ez da lan xamurra ez.



Eskerrik asko eta aurrera!







2015/09/17

ASTERIX : Jainkoen egoitza

Bihar hasten da Donostiako Zinemaldira eta Belodromoan Asterix, Jainkoen egoitza pelikula projektatuko da  haurrentzat. Beste hainbeste ikastetxe artean, gu ere han izango gara. 1. mailatik 4. maila birtarteko 16 geletako ikasleak bertaratuko direlarik.
Ikasturtea hasteko modu polita! Ondo pasa!!                                         











Kristo Aurreko 50. urtera egingo dugu jauzi. Julio Cesarrek menderatu ezin duen herri galiarra bere gain hartzeko plan bat onduko du: haien inguruan Jainkoen egoitza izeneko hiria sortuko du, luxuz eta erosotasunez josia. Honenbestez, Asterix, Obelix eta haien herrikideek ezingo dute haien aurka indarkeriaz egin, eta beste moduren bat bilatu beharko dute Cesarren tranpan ez erortzeko.
Alexandre Astier eta Louis Clichyk zuzendu dute film hau.-

2015/09/11

Unibertsitateko ikasturte hasiera

Ikasturte hasierako ekitaldi solemnea zuten atzo EHU Euskal Herriko Unibertsitatean, Gasteizen, Letren Fakultatean. Iñaki Goirizelaia errektorearekin batera, han izan dira Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkullu eta Hezkuntza sailburu Cristina Uriarte.
Urteroko legez, ekitaldiaren hasieran, EHUren abesbatzak parte hartu du. Agur Jaunak kantuarekin egin die ongietorria agintariei, baina aldatu egin dituzte hitzak. Gizonei bakarrik ez diete egin erreferentzia, eta jainkoarena kendu egin dute.
Aldaketaren oinarrian errektoretzaren agindu bat dago. Joan den maiatzean, EHUren ekitaldietarako protokoloa arautu zuen Goirizelaiak, eta han agindu zuen Agur Jaunak-en hitzak aldatzeko —Agur Jaunak eta Andreak da kantuaren izena jada EHUn—.                                                                                                                                                                       Iturria: Berria

HEZKIDETZA FORMAZIOA


Irailaren 3an, kiroldegiko aretoan izan genuen Marian Moreno Llaneza asturiarraren hitzaldia.
Ikastetxeko irakasle guztiok izan ginen bertan aurretik hasitako hezkidetza formazioarekin jarraituz.
Hitzaldi dinamiko eta benetan lagungarria izan zen hezkidetzen aritu ahal izateko. Beheko bideoan jarrai dezakezue.
Baina blog honetan jartzen ditugu aldian behin Berdintasunaren aldeko bideotxoak eta gaurkoan "neska baten modura jardutea" sekulakoa dela adierazten digu:




2015/09/08