BEGEL

2018/12/20

Txanda


Andoni Egaña

Andoni Egañak, abenduaren 11ko Berrian idatzitakoa. Pare-parean datorkit:
                                        Txanda

Batari gorputzak lehengoa ez dela adierazten dio goizero berokia jazten hastean. Tendinitisa eskuineko besoan. Minzorri hasi zena jada min du. Lantokian pazientzia urrituz joan zaio azken urteetan. Jabetzen da bera ere. Ilusioari lehengo mailan eusteko ahalegina egin behar du, eta pilaturiko eskarmentuei esker ateratzen da onik zenbait egoera zurrunbilotsutatik. Hirurogei urte jiratu ditu, eta egutegiari beste pare bat San Silbestre-orri kentzeko presa sumatzen hasi da.


Besteak hogeita bost urte ditu, eta gurasoen etxean kaiolatua sentitzen da. Badira hiru urte ikasketak amaitu zituela, eta ordutik ez du noizbehinkako lan ziztrinen bat baino topatu ahal izan, eta inoiz ez «berean». Egunak luze egiten zaizkio; egutegiak motz. Hogeita hamarrera holatsu iritsiko ote den etsia hartzen hasia dago.

Batarentzat zein bestearentzat garai hobeak datozela pentsatu beharko dugu. Erkidegoan eta Nafarroan «hogeita hama asko» urte dira irakaskuntzako, osasun arloko, lege esparruko edo hedabideetako postu asko bete zirela. Hogeita bost zeuzkatela hasi zirenek hirurogei pasatxo dituzte orain. Berri ona da orain hogeita bost dituztenentzat. Eta hirurogeiak jiratu dituztenentzat ere bai. Sosegua merezi dute batzuek, eta besteek, atsedena.

iruzkinik ez :

Argitaratu iruzkina